ERNESTO NETO
NARAMAN GORPUTZA

Otsailak 14, 2014 - Maiatzak 18, 2014

EZAGUT EZAZU

Erakusketaren babeslea:

Ernesto Neto: naraman gorputza
ERAKUSKETA

Ernesto Netok eskultoretzat du bere burua, eta haren lanak zeharkatu, bizi, sentitu eta baita usaintzeko xedearekin sortzen ditu artista brasildarrak; horren arabera, ikusleak artelanaren bidez bere gorputza, zentzumenak eta adimena senti ditzake. Bisitariak beste bisitari batzuekin eta inguruarekin harremanetan jar daitezke, elkarri eragin, eskultura eta arkitekturaren uztarketa den giroan. Honako hau dio Netok: “Elkarren artean partekatzen duguna, elkarrengandik bereizten gaituena baino garrantzitsuagoa da. Gizatasunaren egoeraz eztabaidatu nahi dut; bizi dugunaz. Gauzen ibilbidea interesatzen zait. Lengoaia”. Hori dela eta, sentsualitatez, gorpuztasunez eta gogoetaz betetako eskulturen bidez ikertzen ditu pertsonen arteko harremanak

Netorekin batera, eskuz esku, taxutu da erakusketa. Ibilbide zirraragarri bat proposatu du, haren artegintzaren funtsa hen eskutik ezagutzeko; usain, kolore, sentipen, lengoaia eta zentzumenezko gertakariz betetako bizipena da. Netorentzat erakusketa bat poesiarako txoko bat da, eta egunerokotik ihes egin dezake bisitariak bertan: “Etengabe jasotzen dugu informazioa, baina hemen pentsatzeari utzi diezaiogun nahi dut. Artean babestea. Ez pentsatzea ona dela uste dut, bizitzatik zuzenean arnasa hartzea” Museoko Atrioan hasiko da bidaia —bertan dago, sabaitik zintzilik, lan erraldoi bat—, eta bigarren solairuan jarraitu. Areto bakoitzak bizipen bat eskainiko du, eta ikusteko zein parte hartzeko erritmo ezberdina eskatzen du.

Ernesto Neto: naraman gorputza
ARTISTA

Ernesto Neto Brasilgo artistarik gailenetako bat da. Eskultura iradokitzaileak egiten ditu, habitat baten modukoak direnak. Horien barrena ibiltzean zentzumenen munduan murgiltzen gara. 1995ean hasi zen nazioartean haren lanak erakusten eta ordutik mundu osoko museo eta galeria garrantzitsuetan ikusgai ipini ditu.

GEHIAGO JAKITEKO

ERNESTO NETO
Río de Janeiro (Brasil), 1964

1964 Ernesto Saboia de Albuquerque Neto Rio de Janeiron jaio zen (Brasil). Bertan bizi da eta lan egiten du gaur egun.

1988 TLehen bakarkako erakusketa izan zuen Rio de Janeiroko Petite Galerie-n.

Lehen Colônias lanak egin zituen; eskultura horiek berunezko bolaz betetako poliamidazko “galtzerdiak” (ehunak) ziren.

1990 Arte plastikoen Brasilia saria jaso zuen.

1992 Eão Paulo-ko Museu de Arte Moderna-n erakusketa egin zuen.

1994-1997 Rio de Janeiro-ko Artes Visuais do Parque Lage-n eta Museu de Arte Moderna-n ikasi zuen.

1995 Lehen bakarkako erakusketak izan zituen atzerrian.

PGwangju Biennale-n esku hartu zuen Korean.

1996 Usaimena txertatzen hasi zen haren lanetan: oihal zehargarriak kolore eta usain askotako espeziaz betetzen hasi zen.

1997 Naves izeneko eskulturak egiten hasi zen: oihalezko eskulturak dira, zehargarriak eta malguak, ukitzeko eta sartzeko modukoak.

Expone en la Fundação Cultural do Distrito Federal de Brasília.

1998 Mexiko Hiriko Museo de Arte Carrillo Gil-en erakusketa egin zuen.

São Paulo-ko 24a Bienal Internacional-en eta Sydney-ko 11 th Biennale of Sydney-n.

1999 AEBn lehen bakarkako erakusketa egin zuen: Nhó Nhó Nave. Houston-eko Contemporary Arts Museum-en izan zen (Texas).

Erresuma Batuan Liverpool Biennial-en parte hartu zuen eta AEBn Pittsburgh-eko Carnegie Internationa-en (Pennsylvania).

2000 Rio de Janeiroko Museu Arte Moderna-n erakusketa egin zuen, haren ezkontza dela eta: O casamento─Lili, Neto, Lito e os loucos.

Haren lanak erakutsi zituen Londresko Institute of Contemporary Art-en, Colchester-eko University of Essex-en (Erresuma Batua), Santa Feko SITEn (Mexiko Berria, AEB) eta Columbus-eko Wexner Center for the Arts-en (Ohio, AEB).

2001 ik Muniz-ekin batera, Brasilen ordezko izan zen XL. Biennale di Venezia-n. Bi instalazio ipini zituen Brasilgo pabilioian. Ô Bicho! Veneziako Arsenale-ko Plateau of Humankind nazioarteko erakusketan izan zen ikusgai.

Centro Galego de Arte Contemporánea-n (CGAC) erakusketa izan zuen, lehena Espainian: Ernesto Neto, a paisagem do corpo e o corpo da paisagem.

AEBn, Kaliforniako Berkeley Art Museum-en erakusketa izan zuen: A Maximum Minimum Time Space Between Us and the Parsimonious Universe. Humanóides erakustaldian izan zuen Alemanian, Koloniako Kölnischer Kunstverein-en.

2001-2002 New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoaren Brazil: Body and Soul talde-erakusketan parte hartu zuen.

2002 Erakusketak izan zituen erakunde hauetan: Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, Washington; Kunsthalle Basel, Basilea, Suitza; Württembergischer Kunstverein, Stuttgart, Alemania; eta Art Gallery of New South Wales, Sydney.

2003 Los Angelesko Museum of Contemporary Art-en (MOCA), Pacific Design Center-en, Three Religions, No God and the Children erakusketa egin zuen.

2004 Nazioarteko Lustwarande 04 eskultura-erakusketan, Museum De Pont-en (Tilburg, Herbereak) A Contemporary Woman and the Shadow of the Wind lana aurkeztu zuen.

2005 AEB, Indianan, erakusketa izan zuen, Indianapolis Museum of Art-en.

2006 Frantziako Chevalier de l\’Ordre des Arts et des Lettres izendatu zuten, Parisko Panteioirako Léviathan Thot eskultura egin baitzuen. SuetziakoMalmö Konsthall-en artelanen erakusketa bat egin zuen.

2007 Instalazio bat egin zuen Kaliforniako Museum of Contemporary Art San Diego (MCASD), AEB, erakusketa-gune berriak ireki baitziren.

2008 talian lehen bakarkako erakusketa egin zuen Erromako Museo d\’Arte Contemporanea di Roma-n (MACRO). .

2009 New Yorkeko Park Avenue Armory-n Anthropodino instalazioa ipini zuen; s Wade Thompson Drill Hall-en 5.100 metro karratuak hartu zituen zurezko eta oihal zehargarriko egitura horrek.

Frantziako Musée des Beaux-Arts de Nantes-en aurkeztu zuen A culpa Civilizada lana, Léviathan Thot-en zati baten berregitea.

2010 Londresko Hayward Gallery, Southbank-en The Edges of the World erakusketa izan zuen; bertan aire zabaleko lehen lana egin zuen.

Honako erakusketa hauek izan zituen: Dengo (Museu de Arte Moderna, São Paulo), Intimacy (Astrup Fearnley Museet, Oslo) eta Dancing Allowed (Contemporary Arts Center, Cincinnati, Ohio, AEB).

New Yorkeko Museum of Modern Art-en (MoMA) Navedenga (1998) lana aurkeztu zuen; museoaren bildumakoa da orain.

Participa en la 29a Bienal de São Paulo.

2011 Mexikon, Monterrey-ko Museo de Arte Contemporáneo-n, erakusketa antologikoa egin zuen, liburu gailen batez osatua: La lengua de Ernesto. Obras 1987−2011.

El Faena Arts Center de Buenos Aires acoge la exposición Hipercultura locura en el vértigo del mundo.

12th Istanbul Biennial-en parte hartu zuen.

2012 AEBn, Dallas-eko Nasher Sculpture Center-en (Texas), metalezko egitura batzuk egin zituen, erakunde horretarako bereziki, Renzo Pianoaren eraikinarekin elkartrukean aritzeko.

Tokioko Espace Louis Vuitton Tokyo-en Life is a body we are part of−A vida é um corpo do qual fazemos parte lana jarri zuen et Rio de Janeiroko Estação Leopoldina-n O Bicho SusPenso na PaisaGem.

2013 Erroman, Brasilgo enbaxadaren egoitzan, Palazzo Doria Pamphilj-n, erakusketa izan zuen. 30a Bienal de São Paulo-n eta Sharjah-eko 11. Bienalean (Arabiar Emirerri Batuak) parte hartu zuen.

Ernesto Neto: naraman gorputza
ATALAK

208. Aretora
Halakoa da bizitza

EKolore anitzeko eskultura erraldoi hau sabaitik zintzilik dago eta kakorratz-lan bat da, eskuz egindakoa. Lan honek artistaren bizitzaren ikuskera sinbolizatzen du, hots, pertsonen eta naturaren arteko bereizketarik ez dagoela.

Gehiago jakiteko

Bizitza gorputz bat da: haren zati gara (Life is a Body We are Part of−A vida é um corpo do qual fazemos parte, 2012) Tokioko Espace Louis Vuitton Tokyo-eko Madness Is Part of Life erakusketarako egin zen 2012an. Kolore anitzeko eskultura erraldoia da, sabaitik zintzilik dago eta kakorratz-lan bat da, eskuz egindakoa. Lan honek artistaren bizitzaren ikuskera sinbolizatzen du, hots, pertsonen eta naturaren arteko bereizketarik ez dagoela. Bi atal ditu: maskulinoa bata —korridore esekia— eta femeninoa bestea —goialdeko plataforma—. Ernalketaz dihardu, espermatozoidea obuluan barneratzen den uneaz, bizitzaren hasieraz.

Josturarik gabeko oihalak lotzeko, kakorratz-lanen teknika erabiltzen hasi zen 1994an. Ordutik eskuzko teknika horretaz baliatzen da zelula biribilak egiteko; zelulak pareta bihurtzen ditu eta barrua plastikozko bolaz betetzen du. Netok gogoko ditu emakumearekin lotu ohi diren materialak eta jardunak. Honakoa azaldu du artistak: “Gizonaren eta emakumearen arteko batasunaren ideia dut gogoko; bai moralaren aldetik bai psikotopologiaren aldetik. Emea eta arra negatiboa eta positiboa baino ez dira. Eskultura baten hustura modukoa da: eredua eta moldea dugu. Anbiguotasun hori dut gogoko”.

Netok esan duenez, urtetan nahi izan du espazioa gurutzatu, zorutik gorago ibili eta airean gora egin eta flotatu; hori egitea ahalbidetuko lukeen marra bat egin nahi du. Bizitza gorputz bat da: haren zati gara lanaren bidez, bisitariak nolabaiteko bertigo sentipena izatea du xede Netok; orekari buruz gogoeta egitera bultzatzen gaitu, sarritan ziurtzat ematen dugun oreka horri buruz, eta, halaber, “mugitzeko, desiratzeko eta beldurtzeko modua” birplanteatzeko gonbitea egiten digu.

Bizitza gorputz bat da: haren zati gara obra gehienez zortzi pertsonak ikus dezakete aldi bakoitzean. Horretarako, zapatak erantzi eta poltsak eta gainerako gauzak albo batean utzi behar dituzu, entzuteko gida barne, piezaren ehunean katigatu daitezkeelako. Gero zure txanda itxaron behar duzu. Obra hau ahalik eta bisitari kopuru handienak ikus dezan, eskertuko genizuke gehienez ere 15 minutuz egotea areto barruan. Irteterakoan, hustu ezazu armairua guztiz, beste pertsona batek erabili ahal izateko.

Marrazteko gunea(Lugar Desenho, 2002) obrarekin ere elkarrekintzan aritzeko aukera duzu; kasu honetan, asteartetik igandera, ordu jakin batzuetan izango dira jarduerak. Hurbil zaitez Museoko orientatzaileengana eta haiek emango dizute behar duzun informazioa.

Atrioa
Zergatik zoaz berriro Erromara?

Erori egiten den gorputza [Le corps] emea (Leviatan Thot lanetik) lan zuria, handi-handia, sabaitik zintzilik dago, ikuslearen gainean, eta arnasa hartu behar duela ematen du. Haren gorputz-adarrak, luzeak, bigunak eta leunak, astun erortzen dira, Lurrera lotzen gaituen grabitatearen indarra gogora ekarriz. Eskultura malgua da, sentsuala eta iragankorra, gure gorputzak bezala.

Gehiago jakiteko

Ernesto Netok Erori egiten den gorputza [Le corps] emea (Leviatan Thot lanetik) [O corpo que cai (Le corps) fêmea (de Leviathan Thot), 2006] lana Parisko Panteoirako gin zuen. Eraikin hori, Frantziako Iraultza ostean, ideologia humanistaren ikur bihurtu zen; garai baten sinbolo da, politika modernoaren eta zientziaren iraultzarena, gaur eguneko mendebaldeko gizartearen jaiotzarena. Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan ipini da orain. Artistaren hitzetan, ez da beste eraikinik gaur eguneko arkitekturaren eredu izateko; Netorentzat, Gehryren eraikina gure garaiko ikur da.

1990eko hamarkadaren erdialdean, artistak hasierako lanetan erabilitako hizkera geometrikoa atzean utzi eta poliamidazko piezak askotariko materialekin betetzen hasi zen; esaterako, poliestireno-aparrezko bolez, irinez eta espeziaz. Giza gorputza edo beste organismo bizi batzuk gogoraraziko zituzten formak sortu nahi zituen. Erori egiten den gorputza [Le corps] emea (Leviatan Thot lanetik) lan zuria, handi-handia, sabaitik zintzilik dago, ikuslearen gainean, eta arnasa hartu behar duela ematen du. Haren gorputz-adarrak, luzeak, bigunak eta leunak, astun erortzen dira, Lurrera lotzen gaituen grabitatearen indarra gogora ekarriz. Eskultura malgua da, sentsuala eta iragankorra, gure gorputzak bezala.

Zeruari begira (Olhando o céu, 2013) obrako hamaka-gurditxoen bidez, instalazioa hainbat ikuspuntu behatzeko aukera izango duzu, bai eta Atrioan barrena oinen bidez abiada hartuta mugitzekoa ere. Ordu jakin batzuetan, asteartetik igandera, erabili ahal izango dira; horiek erabili nahi izatekotan, hurbil zaitez Museoko orientatzaileengana eta haiek obrari eta artistari buruzko informazioa emango dizute.

203. Aretoa
Trukean trukean

Trukeak eginez, justiziari, zuzentasunari eta oinarrizko giza baloreei garrantzi handiagoa ematen diegu, eta, gure beharrez ez ezik, beste pertsona batzuen beharrez eta guztiok partekatzen dugun planetaren beharrez jabetzen gara.

Gehiago jakiteko

reto honetan, Netok are eta urrunago iritsi nahi du gizakien arteko loturaz egiten duen baieztapenean. Instalazioaren atal nagusia eguneroko objektuek osatzen dute eta, objektu horien inguruan, beirazko aleak dituzten zenbait paperezko poltsa kokatu ditu.

Bisitariak, erakusketaren lehen egunetik, objektu nagusi horietako batzuk berak ekarritako beste objektu batzuekin trukatzeko aukera izango du (oinarrian ezingo dira 30 x 30 cm baino handiagoak izan). Horrela, erakusketak aurrera egin ahala, publikoaren parte-hartzearekin aldatu egingo dira bertan erakutsitako artikuluak. Objektu horiek edozein lekutakoak izan daitezke eta hirian barrena, edo agian munduan barrena, barreiatuko dira. Bisitaria, horrenbestez, obraren partaide bilakatuko da.

Instalazio hau sortzeko, sistema ekonomikoak ezartzen dituen mugei erantzuteko munduan sortutako trukerako sareen gorakada hartu zuen oinarri Netok. Truke horiek burutuz, justiziari, zuzentasunari eta oinarrizko giza baloreei garrantzi handiagoa ematen diegu eta, gure beharrez ez ezik, beste pertsona batzuen beharrez eta guztiok partekatzen dugun planetaren beharrez jabetzen gara.

Bisitariak ezin ditzake gune honetako piezak ukitu. Asteartetik igandera, ordu jakin batzuetan, Museoko orientatzaileek Trukean-trukean instalazioko objektuen trukea antolatuko dute eta ikusgai dauden obrei eta artistari buruzko informazio gehiago jakinaraziko dute.

202. Aretoa
Gozokiak salgai

Ernesto Netok Rio de Janeiroko herri kultura aldarrikatzen du, eta bertan murgiltzera gonbidatzen gaitu: jaiotza-hiriko kaleko giroan murgiltzera.

Gehiago jakiteko

Ernesto Netok bere jaioterriko herri-kultura bizian murgiltzera gonbidatzen gaitu. Koloretako hariz sortutako egitura erraldoi batek, kakorratz-lanaren teknikaren bidez josita, inguratzen gaitu, kultura karioka aberatsaren partaide bilakatuz.

“Baleiro Bala” portugesezko esamoldea da atal honen izenburua eta sanba eskola bateko kantu ezaguna da. Rioko ingurune pobreenean, trenbidetik gertu, lan egiten duen camelô edo gozoki saltzaile ibiltari baten istorioa kontatzen du. Saltzaile ibiltariaren figura hartzen du abiapuntutzat artistak, bizirik irauteko gaitasunaren adibide gisa, eta Brasilgo herri-kultura aldarrikatzen du kultura horren zenbait elementu esanguratsu baliatuz. Soka gorri, hori, urdin, laranja, more eta berdeak —Netoren estudiotik gertu dagoen tailer batean lantzen direnak— goialdean lotzen dira sare zabala osatuz. Noranahi begiratuta ere, barruan dutenaren pisuak bultzatuta erortzen diren zutabe luzeak ikusiko ditu bisitariak, kolore berdineko garagardo edo freskagarri latez, edo koko berde handiez, edo poliestirenozko bolez beteta baitaude gehien-gehienean.

Atal honetako musika-tresnak erabil ditzake bisitariak, baina iritsiera ordena errespetatzea eta arreta handiz erabiltzea eskatzen dizugu.

206. Aretoa
Ertz gozoa

Ertza ez da muga mugiezina, lerro iragazkorra baizik: ertzetan dago bizitza, hain zuzen ere, eta ertzetan elkartzen da gorputzen organikotasuna.

Gehiago jakiteko

Ertza gauzen muga gisa uler daiteke; gorputz baten eta bestearen arteko eten gisa. Baina ertza ez da muga mugiezina, lerro iragazkorra baizik: ertzetan dago bizitza, hain zuzen ere, eta ertzetan elkartzen da gorputzen organikotasuna. Ertzak berekin darama bere buruaren desegitea eta gauza guztiak harremanetan jartzen ditu, komunikazioa ahalbidetuz; guztia lotzen du.

Basoaren sakontasunean, zuhaitzen adaburuen artetik sartzen diren argi eta itzalen leherketa gertatzen denean, berde tonu amaigabeen artean, gauzen mugak, ertzak kasik nahasi egiten dira. Artistak bere baso propioa "eraiki" du hemen, poliamidazko zerumugak argia sartzen uzten duelarik. Zenbait lekutan, ehuna erori egiten da barruan daramatzan espezia lurrintsuen pisuak bultzatuta. Baso horretan bizi diren izakien moduan, zenbait pieza biltzen dira behaketarako sortutako espazio honetan: Kopulonia (Copulônia, 2013), Ezpainoideak (Lipzoids, 2013) eta Oboideen bilera (The Ovaloid's Meeting, 1998).

"“Nire lanen helburua da gorputzaren eta pasaiaren arteko lerro jarraitu bat osatzea. Gu geu, gure barnea, gara baso bat, hiru bilioi zelulek osatua, bai eta organismoak funtzionatzeko behar dituen bakteriek ere”. Netok azpimarratzen du horrela bizikidetzaren ideia: bizitzeko batak bestea behar dugula.

Areto honetan huni kuin Brasil iparraldeko txaman herria omentzen du artistak; arbasoen ezagutzak ditu tribuak eta zuzenean naturarekin harremanetan jartzeko erritualak egiten ditu. Gune honetan, halaber, suSakratua erretakoMarrazkia (fogoSagrado desenhoQueimado, 2013) obra dago ikusgai. Egunero banan-banan piztuko diren ehun bat kandelak osatzen dute eta kandela guztiak ahitzean, argizari-hondarrek marrazki bat osatuko dute, instalazioaren parte bilakatuko dena.

207. Aretoa
Mendi-anaia

"Neurri handi batean, gorputza paisaia balitz bezala ulertzen dut —itsasoa bezala, mendia bezala— eta eskultura bera paisaia da."

Gehiago jakiteko

Azal den gorputzaren denbora geldoa (O tempo lento do corpo que é pele, 2012) nozinho edo korapilo txikien teknika erabiliz egindako eskultura da. Teknika horrek usadio handia du Rio de Janeiro inguruko mendietan.

Azalaren eta paisaiaren kontzeptuak uztartzen ditu Netok: “Azalaren ideiak garrantzi handia du nire obra guztietan. Azala existentziaren txoko gisa ulertuta, gure barneko eta kanpoko bibrazioen arteko lotura gisa. Neurri handi batean, gorputza paisaia balitz bezala ulertzen dut —itsasoa bezala, mendia bezala— eta eskultura bera paisaia da. Gaur egun etengabe ari gara gure barruari begira eta barne-behaketa hori, paisaiaren mikromundua, paisaia biologikoa, nire obraren inspirazio gisa hartu dut. Denbora geldoa horren adibide garbia da, mendi baten moduan nahiz animalia baten moduan interpreta daitekeelako (…). Pieza honen bidez, argitu egiten da gorputzetik paisaiarainoko trantsizioaren ideia. Trantsizio hori funtsezkoa da. Nire obrak gardenak izan ohi dira; piezen ehun-zatiak ematen die gardentasuna. Obra honetan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Edukia ezkutuan dago eta alfonbrak bere bolumena erakusten du, agian, sinbolikoki, ezkutuan dagoen zerbaiten bolumena dena. Espazioa-denbora azalera osatzen duten korapilo txikiekin, zelulekin, lotuta dago obra honetan. COOPA-ROCA emakumeen kooperatibak landu du pieza. Euren lana korapiloz korapilo egiteko behar duten denbora oso interesgarria dela deritzot; eduki ikusezina erakusten pasatzen duten denbora da”.

Mesedez, ez ukitu galeriaren erdian kokatutako pieza.

205. Aretoa
Ametsen etxea

Harrizko ezpainak, piperbeltzezko titiak, iltzezko amodioa, lainozko igela lana kolore ilunetan egina dago eta gaueko paisaia gogorarazten dute, zeru izartsua, gaueko animalia.

Gehiago jakiteko

Tupi-guarani hizkuntz amerindiarretan, Rio de Janeiro eta inguruko indigenen tradizioaren arabera, oca (“etxea”) hitzak etxebizitza komunala esan nahi du, hau da, guztion artean eraikitakoa eta familia talde batek edo batzuk erabiltzen dutena. Oca hitzak, halaber, tribu osoa biltzeko eta elkarrekin bizitzeko lekua ere adierazten du; bertan errituak ospatzen dira eta arbasoen ondarea partekatzen da: ezagutzez betetako etxea da. Netoren oca ametsez betetako etxea da: oca hori bizirik dago; animalia bat da, eta Harrizko ezpainak, piperbeltzezko titiak, iltzezko amodioa, lainozko igela (Stone Lips, Pepper Tits, Clove Love, Fog Frog, 2008) lanean hezurmamitzen da.

Aurreko lan batzuetan, maskor gisa erabili zuen Netok arkitektura. Artelanak ziren “gorputzaren” zati biguna, eta arkitektura haiek estaltzen zituen maskorra edo mintza. Pieza haietan, artistak hezurrezko egitura batzuk ere erabili zituen eta gela bat sortu zuen beste gela baten barruan. Obra honetan ere ikus daiteke elementu hori. Harrizko ezpainak, piperbeltzezko titiak, iltzezko amodioa, lainozko igela lana kolore ilunetan egina dago eta gaueko paisaia gogorarazten dute, zeru izartsua, gaueko animalia.

Obraren sarreran ehuna tiratzen duten zenbait harri ikus ditzakegu, aldi berean pieza osoa tenkatzen dutelarik. Instalazioaren barrualdean piperbeltzez betetako bi “malko maskulinoek” eta iltzez betetako “malko femeninoak” gure usaimena esnarazten dute, ametsen mundura eramanez.

204. Aretoa
Begiekin jan

EEskultura hauen argazkietan, baita ondoko landareetan ere, denboraren joana eta etengabe hazten den bizitza ikus dezakegu.

Gehiago jakiteko

Argazki honek giza gorputzari erreferentzia egiten dio, Netoren lan askok moduan. Dallasko Nasher Sculpture Center-era egindako bisitaldian, bildumako zenbait obren lehen planoko argazkiak egin zituen. Hurbil-hurbiletik argazkiak atera zizkion “xehetasunak, urratuak eta beste berezitasun batzuk” ikus zitezen. Artistaren arabera, irudi horiek “elkarrekin dantzan hasiak ziren, sexua eta libidoa erakutsiz, baina aldi berean, xalo eta anbiguo jarraitzen zuten”. Argazki horietako bat da hau; horren esanahia osatzeko apal eskurraki batzuetan landare txiki batzuk ipini ditu artistak, “handituz doan bizitza, bizitza bizia” ideia adierazteko.

209. Aretoa
Ez erreparatu nahas-nahasari

Artistak espazio bat egin du haren bizitza pertsonalari eta intimoari buruzko alderdiak aditzera emateko.

Gehiago jakiteko

Espazio hau artistaren bizitza pertsonalari eta intimoari buruzkoa da. Netok tunel zuri, garden eta argitsu bat eratu du eta bertatik barrena ibil daiteke. Bisitariak, bertan sartuta, lekua eraldatzen du, bere oinatzek poliamidazko lurzorua aldatzen baitute. Sabaiak, poliamidaz egindakoa ere, kanpoaldeaz dugun ikuspegia desitxuratu egiten du. Ernesto Netok uztarketa sentsazio horren bila dihardu, gure elkartze intimoek nola eraldatzen gaituzten ikusi nahi du, agian gu geu baino zer edo zer handiagoan bilakatuko gaituztelarik.

UmetokiKaperaNabea II (NaveÚteroCapela II, 2013) izeneko obra gailentzen da areto honetan. Artistaren eta Lili emaztegaiaren (garai hartan Lito lehen semeaz haurdun zegoen) arteko ezkontzaren eszenatoki gisa erabilitako instalazioaren bertsio txikiagoa da. 2001. urtean ezkondu ziren, Rio de Janeiroko Museu de Arte Modernan, Ezkontza ─ Lili, Neto, Lito eta zoroak erakusketaren inaugurazio pribatuan. Artistaren lagunak izan ziren ezkontzaren arduradunak eta ez zuen agintari zibilik ez eta erlijiosorik ere parte hartu, Netok ezkontza bere intimitatearen ospakizun publiko baten moduan ulertzen duelako. Bere bizitza pertsonala gainerako pertsonekin partekatzeko xedearekin, halaber, artistak hiru proiekzio erakusten ditu areto honetan: lehenengoak Netok lagunei hondartzan ateratako argazkiak biltzen ditu, bigarrenak goizeko ordu txikitan apartamentuan hartutako irudiak eta hirugarrenak ezkontzarenak.

Aretora sartzeko, zapatak erantzi behar dituzu. Gorde iritsiera ordena eta arakatu lanak kontu handiz. Aretoan gehienez 10 pertsona egon daitezke, artelanak kaltetu ez daitezen. Nabea (erdiko lana) eta ArrautzaGorputza (atzeko lana) lanetan barruan 5 pertsona baino ezin daitezke aldi berean sartu.

Ernesto Neto: naraman gorputza
JARDUERAK

Museoaren Lagunentzako jarduera esklusiboa
ERNESTO NETOREN LAGUNAK

Erakusketaren zenbait pieza muntatzen edo iragarkiaren filmazioan parte hartu nahi duzu? Erakusketa ezagutzera emateko egingo diren argazkietan agertu nahi duzu?

Museoaren Lagunek erakusketaren prestaketan murgildu eta parte hartzeko aukera paregabea duzue. Parte hartzeko interesa izanez gero, deitu 944 359 012 telefonora otsailaren 3a baino lehen eta informazioa emango dizugu.

Partaideak:
Gehienez: 15 lagun (Museoaren Lagunak soilik)
EGIN ZAITEZ LAGUN


LAGUNTASUNA EHUNTZEN TAILERRAK

I. kakorratz-lana tailerra: Ernesto Netoren taldearekin

Museoaren Lagunentzako jarduera esklusiboa

Zuk zeuk egin! tailerrak antolatzen jarraitzen dugu, kasu honetan, Ernesto Neto artistaren obrari lotuta. Artistak kakorratz-lana bere obretan nola erabiltzen duen ezagutzeko, artistaren zenbait laguntzailek obra horiek sortzeko modua azalduko digute, erakusketaren muntaia baliatuz. Saio honetan Museoaren Lagunek soilik parte har dezakete

II. kakorratz-lana tailerra

Hasiberriei zuzendutako bi saioko tailerra

Saio bakarreko tailerra aurretiaz ezagutza duten partaideentzat

Lehen kakorratz-lana tailerraren izaera soziala zabaldu egingo da kakorratz-lana egiteko tailer gehiagoren bidez. Tailer horietan gure diseinuak sortuko ditugu. Parte har ezazu jarduera erlaxatu eta koloretsu honetan, eta jende ugari ezagutzea eta diseinu erabilgarri bat etxera eramatea ahalbidetuko dizu.

Lurrin tailerra

Saio bakarreko tailerra

Ezagutu itzazu Ernesto Netoren obretako lore eta espezieen lurrinak, Ruiz de Ocenda loradenda eta lurrin-dendako zuzendari Viki Fernándezen gustu bikainak gidatuta, zein El Tocador de Dorothy blogaren sortzaile Maddalen Marzolen sudur pribilegiatuak lagunduta. Perfumearen hastapenei buruzko tailer honetan, zure lurrin pertsonalizatua sortuko duzu etxera eramateko.



ERNESTO NETO ARTISTAREN HITZALDIA

Doako jarduera

Erakusketaren inaugurazioaren harira Ernesto Neto Museoan izango ditugula aprobetxatuz, artistak hitzaldia emango du. Netoren lanen moduan, hitzaldi erakargarria, iradokitzailea eta parte-hartzailea izango da inondik inora



PARTEKATUTAKO HAUSNARKETAK

Ezagutu itzazu Ernesto Neto: naraman gorputza erakusketaren obra esanguratsuenak, muntaiaren xehetasunak eta bestelako bitxikeriak Museoaren profesionalek gidatutako bisitaldi paregabeen bidez.

Ernesto Neto: naraman gorputza
BA AL ZENEKIEN ... ?

Obretako askorekin elkarrekintzan aritzeko aukera izango duzu: obren gainean igo zaitezke, obretan etzan, obren inguruko hausnarketak egin ditzakezu, baita obren gainean izandako esperientziak beste bisitari batzuekin partekatu ere. Museoko orientatzaileek kasu bakoitzean nola parte har dezaketen jakinaraziko diete bisitariei Atrioan, esaterako, bisitariek gurpildun gurditxoetan etzan eta zeruari begiratzeko aukera izango dute, Netoren Erori egiten den gorputza emea obra ikusgarria eta Frank Gehryren eraikina ikuspegi erabat desberdinetik behatuz. Halaber, 203 aretoan, Trukean trukean obran eta 208 aretoan Marrazteko gunea obran dinamizazio-lanak egingo dituzte orientatzaileek 11:00etatik 14:00etara.


BA AL ZENEKIEN ... ?

Ernesto Netoren obretan garrantzi handia dute osagai sozialak eta Brasilgo herri-kulturak, eta hainbat elementutan nabarmentzen dira: kakorratz-lan tradizionalaren erabilera, kaleetako erritmoak gogorarazten dizkiguten instrumentuak, edo fruta eta espezieen erabilera... Ezagutu itzazu Netoren kolore, testura, erritmo eta usainak antolatu ditugun tailerren bidez.

JARDUERAK IKUSI

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.